lunes, 7 de mayo de 2012

Umeen edertasuna: Xalotasuna eta axolagabetasuna


Arratsaldero bezala, Txomin parkera eraman zuen amak. Arratsaldero bezala, Txominek bere pilota eraman zuen, beste haurrekin jolasteko. Ailegatu orduko, Txominek bere pilota maitea lurrean utzi eta tokeak egiten hasi zen. Ama, bitartean, bere betiko lekuan esertzen zen, egunero egoten zen emakume taldearekin, beren txutxu-mutxuak kontatzen.

Nahiz eta parkean dozenaka haur egon beren jostailuekin eta kolunpioetan jolasten, Txominek berak bakarrik jolastea zuen gogoko, bere pilota maitearekin. Izan ere, beldur zuen haurretako batek bere pilotari behar baino indar handiagoz jo eta hautsi edo urrutira bidaliko zuen. Berak kontuz eta lasaitasunez jotzen zion, bere lagunik onena izango balitz bezala.

Baina jolasten zebiltzan horretan, nahi baino indar handiagoz jo zuen pilota, urrutira bidaliz. Lasterka, pilotaren atzetik irten zen. Ama algaraka zebilen hizketan lagunekin, bere semeaz ahazturik, konturatu barik urruntzen zihoala.

Azkenean, haurra pilota zegoen tokira ailegatu zen, eskailera batzuetatik gertu. Eskerrak ez zen erori! Pilota hartzera zihoan, parkeko ume batek arreta deitu zionean, beraien pilota botatzeko. Eskaera jarraituz, bere pilota lurrean utzi eta handik gertu zegoen beste bat hartu zuen, eta mutikoari pasa. Orduan bueltatu zen, bere pilota hartzeko, baina hura jada ez zegoen. Eskaileretatik erortzen hasi zen, behean zegoen zulo antzeko batera eroriz. Txomin hara hurbildu zen, pilotaz kezkaturik. Behera jaisten zen bitartean, neska baten ahotsa entzun zuen, negarrez zegoela zirudien. Txominek, hala ere, ez zion arreta handirik ipini, bere pilota hartzeko zorian baitzegoen. Mutil baten hotsa entzun zen orduan, neska isilaraziz. Neskak oihu ahul bat egin zuen, Txominek arreta jarri ez zion “laguntza” ahul bat. Pixka bat gehiago… Lurreko kolpeak. Eskua luzatu zuen, pilota ukituz. Negar hots gehiago, hortik gertu zegoen zuhaixka batzuen artetik. Azkenean, eskuarekin pilota hartzea lortu zuen, eta zulotik atera. Salto egiten zuen bitartean, norbaitek kolpe batzuk ematen ari balitz bezala entzun zen. Txominek, pozik, jaitsi zituen eskailerak igo egin zituen, parkera itzuliz. Momentu horretan bertan, gorpu bat lurrera erori zen, lurra gorria utziz…

“Non sartu zara?”, galdetu zion amak, kezkaturik, Txomin parkera itzuli zenean. “Pilotaren bila, erori egin zait…”, erantzun zuen semeak, xalotasunez. Amak hasperen egin zuen, lasaiturik. Berriz ez egiteko agindu eta bere betiko lekuan eseri zen, hasieran haurra zainduz, baina gero bere lagunekin solasaldian murgilduz. 


Amak afaria atera zuen mahaira. Telebistan informatibo berezia ematen ari ziren. Txominek eskua sartu zuen bere amak zerbitzatutako jaki gozoan, probatzeko irrikaz. Urrutian bezala, telebistako hotsa entzuten zen, nahiz eta haurrak horretan arretarik ez jarri, janarian jarrita baitzuen.

«Gaur arratsean neska bat bortxatu eta hil egin dute, Andozeko kalean, Patxiku-Txiki parketik gertu. Bizilagun batek gorpua aurkitu zuen lurrean botata, bost sastakadaz. Hau, gaur egun dauden beste hainbat bortxaketen arteko beste bat da, gaur egun ehunka gertatzen baitira…».

“Ene, hori hor goiko parkean gertatu da, Txomin eta biok joaten garena da! A zer pena! Gaurko gazteria izugarri oker dabil…” murmurikatu zuen amak, tristaturik. Txominek janaria ahora eraman zuen, telebistaren urrutiko agintea hartzen zuen bitartean. Albistea bukatzeari utzi gabe, kanalaz aldatu zuen. “Luuni”ak ohera zihoazen. Berak abesten zuen bitartean, amak eta aitak gazteriaz hitz egiten zuten, mahaian esertzen hasirik.

A zer ederra, txikitako inozentzia eta axolagabetasuna! 

No hay comentarios:

Publicar un comentario